Paula Elosua

Paula Elosua
PAULA ELOSUA

Euskal Herriko Unibertsitatea

Paula Elosua Psikometriako katedraduna da Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU). Bere ibilbidean neurketa teknikoki zorrotza eta sozialki erantzunkorra sustatzen ditu.

Psikologian doktorea, informatika eta estatistika ikasketaz gain, irakasle-gonbidatu gisa egonaldi zientifikoak egin ditu hainbat unibertsitateetako hezkuntza-ebaluazio sailetan; hala nola, Twente-n (Holanda), Massachusetts-en (Estatu Batuak) eta British Columbia-n (Kanada). Neurtzeko eta ebaluatzeko estandar etikoak eta jardunbide egokiak bultzatzen dituzten nazioarteko erakunde zientifikoetan aktiboki parte hartzen du, eta horietako zenbaiten zuzendaritza-batzordeetako kide izan da: International Test Commision-en 11 urte egin du lan, International Association of Appled Psychology erakundeko ebaluazio ataleko lehendakari-ordea da, Interamerican Society of Psychology-n ebaluazio atalaren sorrera bultzatu zuen eta Psikologoen Elkargoko Test Batzordeko kide da. 100 artikulu zientifiko, liburu eta hitzaldi baino gehiago idatzi ditu, eta besteak beste, honako gaiak jorratzen ditu, besteak beste: testuinguru eleaniztunetan ebaluazioak dituen erronkak, ebaluazio-tresnak sortu eta egokitzeko oinarri teoriko eta operazionalak, hizkuntzaren eragina ebaluazio-prozesuetan, eta teknologia digitalen eragina.

Oro har, bere ibilbidea ebaluazioaren ikuspegi metodologikoa hezkuntza-sistemen hobekuntza eta gizarte-ongizatea sustatzearekin lotuta garatu da.

Hitzaldi nagusia:

Gizarte-bokazioa duen ebaluazioa

Hezkuntza-ebaluazioak presentzia handia du eztabaida publiko eta profesionalean. Ekarpen garrantzitsuak egin dituela aitortzen bada ere, kritika sakonak ere jaso ditu, esate baterako, ikuspegi teknizista gailentzea, irakaskuntzan eragin mugatua izatea edota emaitza alboratuak sortzea.

Kritika horiek funtsa badute ere, azken hamarkadetan aldatu eta aberastu da ebaluazioarekiko dugun ikuspegia. Neurketa hutsetik harago, ebaluazioa eraikuntza soziala dela aitortzen dugu eta horren helburuak zehazteko, ezinbestekotzat jotzen da marko pedagogiko sendoa eta berezitasun kulturalak kontuan hartzea. Ikuspegi soziolinguistiko-kognitiboak bideratzen du aldaketa hori, non ikasteko moduak eta dimentsio linguistiko eta kulturalak zeresana duten. Beraz, ebaluazioa eragile anitzen arteko eraikuntza da, ezinbestean.

Bide horretan, ebaluazioa erabaki pedagogikoak hartzeko bitartekoa baldin bada, eta dudarik gabe izan beharko luke, ebaluazio-prozesuaren gardentasuna eta ebaluazio-emaitzen interpretazio esanguratsua bermatu behar dira. Horretarako, ebaluazioak oinarri tekniko sendoa, planteamendu pedagogiko berritzailea eta ikuspegi inklusiboa uztartu behar ditu. Esparru horretan kokatzen ditugu egungo erronka nagusiak: gaitasun konplexuak ebaluatzea, datu multimodalak interpretatzen ikastea, teknologia berriak integratzea eta aniztasuna kontuan hartzea.

Hitzaldian norabide aldaketa horren oinarriak azalduko ditugu, eta gure hezkuntza-sistemako adibideen bitartez argituko dugu nola eraiki daitekeen ebaluazio koherentea eta bidezkoa, eta hau da, sozialki erantzunkorra dena.