Carol Campbell

Carol Campbell
CAROL CAMPBELL

University of Edinburgh

Carol Campbell irakasleak Hezkuntzako Katedra Pertsonala du eta Edinburgh-eko Unibertsitateko Moray House Hezkuntza eta Kirol Eskolako zuzendaria/dekanoa da. Gaur egun, irakasle gonbidatua ere bada Glasgow-ko Unibertsitatean eta Cardiff Metropolitan University-n. Carolen lanak honako arlo hauek ditu ardatz: eskala handiko hezkuntza-aldaketa, hezkuntza-sistemen eta ikastetxeen hobekuntza, eta hezkuntza-profesioaren garapena eta jarduna, honakoak kontuan hartuz: irakasleen karrera osoko prestakuntza, ikaskuntza profesionala eta lidergoaren garapena.

Aurretik izan dituen kargu akademikoen artean daude: Hezkuntzako irakasle titularra Glasgow-ko Unibertsitatean (Erresuma Batua); Lidergo eta Hezkuntza-Aldaketako irakasle titularra Ontario Institute for Studies in Education-en (OISE), Toronto-ko Unibertsitatean (Kanada); Stanford University-ko Stanford Center for Opportunity Policy in Education zentroko zuzendari exekutiboa (AEB); eta irakasle London-eko Unibertsitateko Institute of Education-en (Erresuma Batua). Halaber, lidergo-postu gero eta handiagoak izan zituen Kanadako Ontarioko Hezkuntza Ministerioan. Izan ere, hezkuntzako lehen Ikerketa Zuzendari Nagusi bihurtu zen eta Hezkuntza Ikerketa, Ebaluazio eta Estrategia Adarraren sortzailea eta lehen zuzendaria ere izan zen. 2020an, Kanadako Irakasleen Federazioak Hezkuntza Publikoaren Aldeko Sari Berezia eman zion, hezkuntzaren alde egindako zerbitzu luze eta konprometituagatik eta egindako ekarpen garrantzitsuengatik. Doktoretza Strathclyde-ko Unibertsitatean egin zuen.

Hitzaldi nagusia:

Ikaskuntzarako ulermena eta ebaluazioaren erabilera garatzea, ikasleen aurrerapena sustatzeko.

Ikasleen errendimenduari buruzko feedback egoki, zehatz eta garaizkoa erabiltzea irakaskuntza-estrategia eraginkorrenetako bat da ikasleen ikaskuntza-aurrerapena babestu eta sustatzeko. Hitzaldi nagusi honek Assessment for Learning (ikaskuntzarako ebaluazioa) kontzeptua eta haren erabilerak aztertuko ditu, irakasleek eta ikasleek ulermena, aurrerapena eta errendimendua ikasgelan ebaluatzeko erabil ditzaketen estrategia multzo gisa. Ebaluazioaren erabileran hobekuntzak lortzeko, funtsezkoa da, halaber, irakasleen prestakuntza profesional eraginkorra bermatzea, haien praktiken hobekuntzan lidergoa garatzeko eta praktika horiek beren ikasgelatik harago partekatzeko, eskola-mailako eta sistema-mailako hobekuntzan laguntzeko. Horregatik, hitzaldi nagusiak honako alderdiei buruzko ebidentziak aztertuko ditu:

  1. irakasleen praktiken aldaketa eta hobekuntza gidatzeko lidergoa garatzeko prestakuntza profesional eraginkorraren ezaugarriak;
  2. egokitu daitezkeen Assessment for Learning estrategien sorta eta horien inplementazioa ikasgelan ikasleen ikaskuntzaren onurarako.

Hitzaldi nagusia Teacher-Led Learning Circles proiektuaren esperientzian oinarrituko da; proiektua zazpi herrialdetan gauzatu zen: Brasilen, Boli Kostan, Ghanan, Malaysian, Hego Korean, Suitzan eta Uruguain. Proiektuak irakasleek gidatutako ikaskuntza-zirkuluen prozesu batean parte-hartzea barne hartu zuen, irakasleen garapen profesionala, irakasleen lidergoa eta ikerketa-prozesu bat sustatzeko, irakasleek beren ikasgeletan Assessment for Learning praktikak aplikatu, hausnartu eta egokitu ahal izateko. Proiektuaren emaitzek hobekuntza positibo orokorrak erakutsi zituzten irakasleen autokonfiantzan eta Assessment for Learning praktiken erabileran, baita prestakuntza eta garapen profesional eraginkorrean duten inplikazioan ere; gainera, onurak identifikatu ziren ikasleen ikaskuntza-aukera, esperientzia eta emaitzetan. Esperientzia horietan oinarrituta, prestakuntza eta garapen profesional eraginkorraren ezaugarriak eta Assessment for Learning-en erabilera, ikasgelako ebaluazio-modu gisa, aztertuko dira, irakasleek, ikastetxe-zuzendariek eta hezkuntza-sistemek nola erabil ditzaketen adibide praktikoen bidez.